XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mamiari dagokionez, eta Euzkadi aldizkarian datozen kronikak nahiz Gorgoniok berak aldizkari berean idatzitako artikuluen argitan, esan liteke honako konstanteak erabili zituela: euskal nazioaren probidentzialtasuna, esentzialismoa, eta historizismoa 7 Ikus, Jose Luis de la Granja: Nacionalismo y II República en el País Vasco, Siglo Veintiuno, Madrid, 1986, 73-75 orr..

Gorgonioren ikuskeran, Jainkoak sortua da euskal nazioa, ez euskaldun edo euzkotarren nahiak.

Euskal Herria nazioa da etnia edo arraza, hizkuntza, lurraldea, eta erakunde berekiak izan dituelako betidanik.

Betidaniko esentzia jator horri eutsi behar lioke gainera, utzi alde batera arrozkeriak, zibilizazio atzerritarren ohiturak eta betidaniko euskal esentzia zindoak atxiki bere horretan.

Historizismoari dagokionez, 1839an foruak murriztu eta 1876an kendu aurretik bere buruaren jabe zen Euzkadi; eta honegatik guztiagatik berriz ere burujabe izateko eskubide guztiak dituena, beste edozein naziok baino gehiago, are estatu propioa sortzeko.

Sabino Aranaren dotrina, eta haren jarraitzaile Engrazio Aranzadi Kizkitza eta gainerako ideologo jeltzaleena.

Azken hau hil zenean, hala zioen Gorgoniok: Ostendu da betiko ainbat urtean, Jel, gure elburu maiterantza lor eta nekez daroagun oñazezko bidean, gure gogoak adorez sendatu eta argitzen ebazan yakitun apala (...) Berrogeita bost urtean (a)elikatu ditu gure gogo abertzaleak ainbat idazkai sakon ta bere bizitza garbi ta apalagaz (Eguna 1937-2-16).

Gaur egun ez gara probidentzialistak, ez esentzialistak, nahiz tradizioari begirunea eta lotsa ekarri edo aldarrikatu bederen, historizismoa ere ez dugu estimu handitan; alabaina, euskal herritarron borondatean oinarritu nazio irekia eraiki nahiko borrokan, jeltzaleek 1936ko gerra aurrean aurkitzen zituzten oztopoekin egiten dugu topo, ezker eta eskuin espainolzale zentralisten esentzialismo eta historizismoarekin.

Nazionalismoaren lehen berrogei urtean ez zen erosoa jeltzale zuzena eta benetakoa izatea.